Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatu die UEMAk eta Udalak herritarrei

Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatu die UEMAk eta Udalak herritarrei, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.

Izan ere, errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua hazten doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik; hau da, aldea dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Gipuzkoan, esaterako, Zerain, Orexa, Ataun eta Baliarrain dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, aitorpen guztien %60ko langa gaindituta. Antzuolan, berriz, %44 izan ziren euskarazko errenta aitorpenak.

 

Bide horretan, UEMAk hurrengo irudian bildu ditu errenta aitorpena euskaraz egiteko jarraibideak:

 

 

Gogoratu hiru direla errenta aitorpena aurkezteko modalitateak: proposatua, mekanizatua eta Internet bidezkoa. Hauek dira kontuan hartzeko data nagusiak:

  • Errenta autolikidazio proposamenak onartzeko epea, martxoaren 31tik ekainaren 30era. Proposamenarekin ados egonez gero, onartu egin behar da telefonoz edo Internet bidez.
  • Errenta eta ondarearen Internet modalitatearen epea,  apirilaren 3tik ekainaren 30era.
  • Errenta mekanizatuaren hitzordua eskatzeko epea, apirilaren 4tik ekainaren 6ra. Aitorpena bulegoan egiteko, aurrez eskatu behar da hitzordua telefonoz edo Internet bidez.
  • Errenta mekanizatuaren epea, apirilaren 8tik eta ekainaren 30era.