
Hemen da berriro ere Patxiko Txerren ipuin lehiaketa. Sei urtez bertan behera egon ostean, Idolaz elkarteak berreskuratu du Antzuolako Udalarekin elkarlanean, sormena eta idatzizko adierazpena landu eta irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.
Edizio honetan, bi kategoria bereiziko dira: haurrena eta nagusiena. Lehenengo kategorian 8 eta 11 urte bitarteko haurrek hartu dezakete parte, eta nagusienean, Antzuolan bizi edo lan egiten duen 12 urtetik gorako pertsona orok. Gaiari dagokionez, librea izango da, baina lanek euskaraz eta eskuz idatzita egon behar dute, halabeharrez. Martxoaren 28a da ipuinak aurkezteko azken eguna.
Epaimahaiari dagokionez, Idolaz elkarteko ordezkariek eta liburuzainak osatuko dute, eta maiatzaren 9an izango da sari banaketa. Haurrenean, irabazle bana izango da adin bakoitzean, eta bina liburu jasoko dituzte; nagusienean, berriz, liburuak erosteko bonua izango da saria. Horrez gain, ipuin guztiak koadernatu egingo dira, eta liburutegian jarri; liburuxka bat argitaratuko da.
Parte hartzeko betekizunak
Herritar bakoitzak ipuin bakarra aurkez dezake; haurren kategoriako ipuinek orrialde bakarra eduki behar dute, izan marrazkiarekin edo gabe, eta nagusien mailakoek, aldiz, lau. Lan horiek gutun-azal batean entregatu behar dira, liburutegian edo eskolan, eta kanpoan, izenburua ez ezik, parte hartzailearen adina idatzi behar da, anonimoagoa izan dadin. Hala ere, gutun-azalaren barruan bestelako datuak aipatu beharko dira, aparteko gutun-azal txiki batean: ipuinaren izenburua, egilearen izen-abizenak eta adina.

Antero Apaolazaren oroimenez jarri zioten ipuin lehiaketari Patxiko Txerren izena 1997an. Izan ere, 1890ean, Antonio Truebaren El judas de la casa obraren egokitzapena egin zuen euskaraz eta bertsio librean, Patxiko Txerren titulupean.

