Enpresei eta gazteei bideratutako saioak

HAZILAN PROIEKTUA. Gazte kualifikatuak enpresan

Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak 4.edizioa martxan jarriko du urriaren 4an. Proiektuan partehartu dezakete, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko gazte langabeek, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta dituztenek, eta gainera ikasketa horiekin lotuta esperientzia esanguratsurik ez dutenek.

2016an martxan jarri zenetik 3 edizio burutu dira eta guztira 43 gaztek partehartu dute; 26 emakumezko eta 17 gizonezko. Praktikak amaituta 10etik 7k lanean jarraitzen dute; izan praktikak egin dituen enpresan bertan edo beste enpresa batean. 10etik 2k lan bila jarraitzen dute eta 10etik batek ikasten jarraitzen du. Proiektu honetan partehartu duten enpresen artean Talleres AGA, Microliquid, Ekitermik, Dualia, ISEA, IDF, Osarten, Ulma, Eroski, Hurkoa, AZK eta eskualdeko udalak daude, besteak beste.

HAZILAN proiektuak eskualdeko gazte kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu; lehen fase batean, partehartzaileek 80 orduko prestakuntza praktikoa jasoko dute konpetentzia pertsonaletan, profesionaletan eta lan-bilaketarako trebetasunetan. Eta bigarren fase batean, praktikak egingo dituzte eskualdeko enpresetan.

Enpresek gazte kualifikatu horien potentzialtasuna ezagutzeko eta proiektu berriak garatzeko aukera paregabea izango dute. Ekintza hau HAZILAN proiektuaren baitan egin da Euskal Herriko 2014-2020 programa operatiboaren bidez. Proiektu honen finantziaziorako funtsen %50, hain zuzen ere, EGIF-ek eman du eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du.

Hazilan proiektuari buruzko informazioa emateko eta zalantzak argitzeko ENPRESEI ETA GAZTEEI ZUZENDUTAKO BI SAIO INFORMATIBO ANTOLATU ditu Debagoieneko Mankomunitateak:

Saio informatiboak IRAILAREN 15ean, ostiralean, izango dira Debagoieneko Mankomunitateko Udalaitz aretoan (Nafarroa etorbidea 17, Arrasate). Goizeko 9etan izango da enpresentzako saioa eta 11:00etan gazteentzat.

Praktiketan gazte kualifikatuak hartu nahi dituzten enpresa eta erakundeek, saiora etorri gabe ere, eskaerak egin ditzakete, behar duten perfila zehaztuz, irailaren 26 arte. Harremanetarako bideak 943 793 090 telefonoa edota Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikoa dira.

Gazte interesatuek Debagoieneko Goi mailako titulatuen poltsan izena eman beharko dute, irailaren  20a baino lehen. Horretarako www.debagoiena.eus web orritik deskargatu behar da eskaera orria eta Debagoieneko Mankomunitateko egoitzan aurkeztu dagokion dokumentazioarekin batera.

Breadcrumb