Antzuolako produktuen 2. pintxo poteoa

Pikunietak errapetik ontziratutako gaztak, Bidaurrek zuhaitzetatik mahaira ateratako fruituak, Lapatza eta Irala-torreko barazki sorten barietatea, Gorlako larreetatik Irumendiren txahal-haragia… Antzuolako produktuen II. Pintxo-poteoa badator!

Ekimena uztailaren 6an iluntzeko 19etan hasiko da herriko 10 taberna-okindegietan: Mox, Larrea, Gorosti, Aitz-garbi, Arin, Martin, Surpe, Ongi-etorri, Gailur eta Koxkor.

Ekimenaren helburua garaian garaiko eta bertako produktuek eskaintzen dizkiguten onurak herritarrei ezagutaraztean datza. Tabernariei esker Antzuolako gastronomia eta produktuen kalitateen bikaintasuna probatzeko aukera paregabea izango dugu.

Bide batez baserritarren eta kontsumitzaileen arteko zubiak eraikiz herri bizi eta nekazal ingurune iraunkor baten alde lanean ari gara. Eta batez ere herriko dendak lagunduz eta salmenta zuzena bultzatuz, herrian ekonomia zirkularraren alde egina dugun apustuan aurrerapausoak eman nahi ditugu.

Pintxo-poteoa trikitilariz eta panderoz alaitua izango denez ilunkara aparta pasatzea espero dugu! On egin guztioi!

Deba Garaia Landa Garapen Elkartea.

Breadcrumb