Aurten Artekale egunaren 4 .edizioa ospatuko da Antzuolan urriaren 18an, domekan. Bertan 15 konpainiako 45 lagun inguruk hartuko dute parte.
Artekale Euskal Herriko kale arteen elkartea da. Aurreko urteetan Artekale eguna Otxandio (Bizkaia), Gopegi-Zigoitia (Araba) eta Hondarribian (Gipuzkoa) ospatu da. Aurten, Antzuolako udalaren laguntzaz, berriz ere Gipuzkoara datorArtekale eguna.
Urriaren 18 goizean, 12:00etatik 14:00etara Beheko Auzoan hasi eta Plazarainoko bidean ikusi ahal izango dira zirko saio motzak, antzezlanak, dantza eta klowna. Musika entzuteko aukera ere izango dugu, Antzuolako jubilatuen abesbatza, trikitilari eta txistulariei esker. Break dancer gazteak ere arituko dira.
Ibilbidean lehenengo ikusiko duguna, Beheko Auzoan, 12:00etan break dancea izango da. Bapatean antzerki taldeak ekintza ibiltari bat eskainiko du eta Kalebarrenen geldialdia egingo da Jon Zabalen gertuko magia ikusteko. Hortzmugataldearen antzezlan ibilitari batekin Zurrategira iritsiko gara. Turukutupa taldeak frontoi aldera eramango gaitu perkusio ibiltariarekin. Frontoian Dikothomiak konpainiak malabarak astinduko ditu. Malas Compañíasen antzerki animazioarekin Plazarantz abiatuko gara. Plazako iturri aurrean Barretaldeak pantomima eskainiko du. Trikitilariekin batera herriko Plazara iritsiko gara. Han Suhar Prestekin aireko ikuskizuna egingo du. Hortzmuga Plazan arituko da eta ondoren, Udaletxeko balkoian txistulariekin batera Oihulari Klowneko bi pailazok kaleko arteen aldeko pregoia emango dute. Ondoren, herriko jubilatuek bi kantu eskainiko dituzte. Azkenik, elizako kanpandorrean Glo Zircok dantza bertikal ikusgarria egingo du.
Ibilbide guztian zehar alderdi teknikoaz arduratuko dira El Gran Rufus, Ganso y Cía, eta Zanguango. Baita BilbokoKalealdia-ko ordezkariak eta Aire Aire eta Infinita Escena banatzaileak.
Arratsaldean jarraipena izango dute kaleko arteek eta bi ikuskizun ikusiko ditugu. 17:00etan Toni la Sal eta Dramagiakumorea, magia eta txontxongiloen bidez, La famiglia Torombole eskainiko dute. 18:15ean, berriz, Antzuolako Oihulari Klown taldeak Trostan antzeztuko du; familia guztiarentzako hitzik gabeko ikuskizuna.
ARTEKALE
Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea da. 2004tik hona Kale Arteen sektorea ezagutaraztea eta honen duintasunaren alde lan egitea izan da bere helburua.
Antzerki talde, udal, jaialdi eta programatzaileek osatzen dute; Estatuko bakarra da sektore guztiak batzen dituena.
Artekale eguna, berriz, jai eta ospakizun eguna da. Urrian izaten da, ia konpainia guztiek udako denboraldia bukatuta dutelako. Elkartu eta, jai giroan, kalea antzezteko gunea dela aldarrikatzeko eguna da. Barruko antzerkiaren aldean, kale antzerkiak beste ezaugarri berezi batzuk ditu eta berezia egiten dute eskuragarritasunak, gertutasunak eta konplizitateak.
Aurten Artekale eguna ospatzeko Antzuola aukeratu da, bertako konpainia bat zegoelako, Udalarekin gestioak egiteko aukera zuena eta ekimena Udalari aurkeztu orduko oso begi onez erantzun duelako hasiera-hasieratik. Horrez gain, ospakizuna herri txiki batean egitea ere lehenetsi da.


