Larrugintza Antzuolan

1790an sortu zuen Bareñok larrua ontzeko lehen lantegia Antzuolan. 1880an izan zen bigarrena, Santiago Lamariano eta Lizarraldek “Lamariano y Cía” enpresa ipini zuenean. Ondoren etorri ziren azken biak: “Galarza Hermanos y Arbulu” eta “Hijos de José Telleria”. Enpresa guzti horiek, desagertzen joan ziren XX. mendeko 50eko hamarkadatik 90. hamarkada arte. Plastikoaren gorakada, nekazaritzaren krisialdia eta mekanizazioa, norgehiagoka, berrikuntza teknologiko eza,… izan ziren lantokiak ixtearen eragile nagusiak.

Industria horren azken aztarnak Telleria kokatuta zegoen eraikinean geratzen ziren, baina toki horretan etxe berriak egin zirenean izkutuan geratu ziren.
Hala ere, industria horren zertzeladak baditugu herrian zehar barreiaturik. Sasoi batean Bareño larru lantegia zegoen lursailean eraikitako plazari, esaterako, Zurrategi izena du. Izenak larrua lantzeari egiten dio erreferentzia, gazteleraz curtidería, esan nahi baitu.

1998ko uztailaren 4an, berriz, Zurrategi plazan lanbide horrekin lotutako langile bat larrua ontzen zuen eskultura inauguratu zen.

Larru langintzarekin zerikusia duten antzinako argazkiak web gune honetan eta Iñigo Ramirez de Okarizek argitaratutako Antzuolako argazki zaharrak 1900-1970 liburuan ikus daitezke.

2000. urtean Antzuolako larru ontzea liburua kaleratu zen. Antxon Agirre Sorondok eginiko ikerketan oinarritutako liburua, hain zuzen ere, eta gaur egun agortuta dagoena.

Telleria larru lantegiko artxiboaren katalogazioa egina dago. Bertan 30.000 dokumentu aztertu eta katalogatu dira. Aipagarria da Gipuzkoako enpresa industrial bakarretakoa dela Antzuolan dugun artxiboa.

 

Breadcrumb