Antzuolako alardea

Buruzagia, Mairua, fusilariak, desfilea, kanoiak, dantza, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahas-mahasean uztailero.

Mairuaren Alardeak balio historiko eta folkloriko handia du, Euskal Herriko Kultura Ondarea ikaragarri aberasten duena.

Bertan bi gertakari goraipatzen dira. Lehenik, Foruen galera aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Baina alardeak egitea galdu eta 1876an euskal foruak desagertu ostean, Euskal Herri osoan garai bateko ospakizunak berreskuratzeari ekin zitzaion, eta 1881 urtean Mairuaren pertsonaiarekin alardea egiteari ekin zitzaion Antzuolan.

Bigarrenik, 920. urtean, ustez, Baldejunkeran antzuolarrok mairuen kontra izandako borroka aitzakia hartuz, herri izatearen harrotasuna ere adierazi nahi da.

Bi zati ditu ospakizunak: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea; eta, bestetik, Herriko plazako ekitaldia.

Oro har, uztaileko hirugarren zapatuan ospatzen da alardea, Antzuolako jaietako zapatuan. Hala ere, nahasketarik izan ez dadin, data zehatza hauxe da: hirugarren domekaren bezperan (beti ez da izaten hirugarren zapatua).

 

Informazio gehiago:
www.antzuolakoalardea.eus