Osasun arreta euskaraz

Lagun iezaguzu mezu hau ahalik eta gehien zabaltzen. Eskertuko dizugu

Osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da eta egoera hori okertu egiten da nabarmen hainbat momentutan, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontuan hartu gabe egiten direnean, besteak beste. Uda garaian arazo horiek handitu egiten dira. Adibidez, iazko udan langile elebidunak erdaldunekin ordezkatu ziren hainbat kasu ezagutu genituen. Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, prebentzio lana egin dezaten eskatu diogu Osakidetzari zein Osasunbideari hainbat eragilek: Kontseiluaren baitan biltzen garen osasungintza lantaldeko (Behatokia, EHE, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Topagunea eta UEMA) kideekin batera, LAB sindikatuak, Medikuntzako Asanbladak eta Berdin elkarteak.

Herritarroi dei egin nahi dizuegu zuen osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasun edo oztopoak baldin badituzue, zuen kasua jakinarazi dezazuen. Horretarako UEMAren webguneetan formulario bat betetzeko lotura izango duzue, informazioa UEMAri helarazi, behar diren bitartekoak har ditzan. Formulario horrekin osasun zerbitzuetako langile zein erabiltzaileei ordezkapen masiboen garaian kexak egiteko bidea erraztu nahi da. Izan ere, ohikoa denez, horien kudeaketa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egingo du, horrela dagokion kasuetan.  Helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da.

Herritarrok osasun asistentzia euskaraz jasotzerako orduan dituzuen arazoak jakinarazteko bidea errazteko asmoz formularioa sortu dugu, www.euskarazbizinahidut.eus webgunean.

OSASUN ARRETA EUSKARAZ JASO EZ DUZULAKO KEXARIK BADUZU, JAKINARAZ IEZAGUZU

UEMA
EHE
Behatokia
Kontseilua
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
Euskaltzaleon topagunea
LAB
Medikuntzako asanblada
Berdin elkartea

Beste barik, eta informazioa zure interesekoa izango zelakoan, ondo izan eta laster arte.

Breadcrumb