Hurrengo atalean, Antzuolaren datu geografiko, demografiko eta ekonomikoak azalduko dira. Modu honetara Antzuola herria kokatu eta hobeto ezagutu ahal izango da.

Datu geografikoak

Gipuzkoa mendebaldean kokatuta dagoen udalerria da Antzuola, Bergara eta Zumarraga artean. Antzuola herriak 2.170 biztanle ditu, antzuolarrak.

Herriak ondorengo herri hauekin egiten du muga:

iparraldean Azkoiti eta Bergara ditu, hegoaldean Oñati eta Legazpi aurkitzen dira eta ekialdean Urretxu eta Zumarraga ditu. Antzuolak, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oñati, Leintz Gatzaga eta Elgeta herriekin batera Deba Goiena bailara osatzen du.

Antzuolako herria inguratzen duten mendiak honakoak dira:

Deskarga (486m) guztietan ezagunena Zumarragara joateko mendatea bertatik igaro baita, Irimo (891m) mendiaren tontorra Zumarraga eta Antzuola udalerrietako lur sailetan dago, Arrola (910) mendia herriko garaiena da Legazpitik ere joan daiteke bertara, Asalditta (791m) eta azkenik Gorla (700m) dugu Bergara eta Antzuola artean kokatzen da. Guztira herriaren azalera 27,9km2 da eta itsas mailatik 231m-ra dago.

Ibaiei dagokienez, Antzuolan errekatxo asko daude eta guztiek herriko erreka nagusirekin egiten dute bat Antzuola erreka eratuz. Antzuola errekak Bergaran Deba ibaiarekin bat egiten du.


Irudia 4: Gipuzkoako udalerrien mapa
Iturria: www.wikipedia.com


Datu demografikoak


Ondoren Eustat-ek 2010ean egindako azterketak baliatuz datu demografikoei egingo diegu so. Antzuola gaur egun 2.170 biztanleko herria da. Azken hamarkadan gogoan hartzeko hazkundea izan duen herria da, bai jaiotze tasak izan duen igoeragatik baita etorkinengatik ere. Ondorengo grafikoan biztanleriak azken hamarkadan izan duen hazkundea ikusi dezakegu.

Grafikoa 1: Biztanleriaren hazkundea
Iturria:3 www.eustat.es

Biztanleriaren antolaketari dagokionez, gizonezkoak zein emakumezkoak oso parekatuta daude gizonezkoak 1.090 izanik, emakumezkoak berriz 1.080. Herriko adin taldeei erreparatuz gero 0-19 urte artean dagoen herritar kopurua 411 pertsonakoa da, 20-64 arteko adin taldean 1.385 herritar daude eta 64 urtetik gorakoak 374 dira. Datu hauek aztertuz, 20-64 adin tartea zabalena dela ikusten da, hala ere, kontuan izan behar da Eustat-ek adin talde honi emandako urte kopurua handiagoa dela. Beraz, ondoriozta daiteke Antzuola populazioaren zahartze aro batean dagoela.


Grafikoa 2: Adin taldeen banaketa
Iturria: www.eustat.es

Aurrerago aipatu bezala Antzuolan azken hamarkadan hazkunde handia eman da, hurrengo grafikoan hazkundean eragina izan duten faktoreak aztertuko dira:

Grafikoa 3: Hazkundea
Iturria: www.eustat.es

Lehenik eta behin grafikoan deigarrienak diren datuak aztertuko dira, etorkin kopuruarena hain zuzen. Antzuolak azken hamarkadan kanpotar asko erakarri ditu, etorkin kopuru handiena 2005ean eman zen 100 pertsona izan ziren Antzuola bizileku gisa hartu zuten kanpotarrak.

Grafikoan ikusi daiteken bezala jaiotze tasa urteak pasa ahala gora egiten joan den aldagaia da. Hala ere, hamarkada osoa hartuz gero hazkundeak gora – beherak izan dituela nabaria da, 2000-2003 urte tartea eta 2006-2007 artean hazkundea negatiboa izan zela ikusi daiteke heriotza tasa altuagoa baita jaiotze tasa baino. Azken urteak begiratzean berriz, jaiotze tasaren hazkundea nabarmenki egiten du gora. Daturik esanguratsuenetariko bat 2006 urtetik 2007 urtera ematen duen jauzia da, urte batean 13 haur jaiotzetik 29 haur jaiotzera igarotzen da.

Sexuari dagokionez, 2010ean jaio ziren 41 haurretatik 18 gizonezkoak eta 23 emakumezkoak izan ziren. Heriotzei dagokienez, 16 heriotzetatik 10 gizonezkoak eta 6 emakumezkoak izan ziren.