Sin Categoría

2016ko aurrekontuak:

SARREREN EGOERA:

KAPITULUA
IZENDAPENA
EUROAK

1

Zuzeneko zergak 569.500
2
Zeharkako zergak 40.000
3
Tasak eta bestelako sarrerak 329.319
4
Transferentzia arruntak 1.692.364,65
5
Ondare sarrerak 14.160
6
Kapital transferentziak 30.000
     
GUZTIRA 2.675.343,65

GASTUEN EGOERA:

KAPITULUA IZENDAPENA EUROAK
1 Pertsonal gastuak 735.309,78
2 Ondasun arrunt eta zerbitzuak 896.947
3 Finantza gastuak 15.100
4 Transferentzia arruntak 551.867,51
6 Kreditu gloobala eta bestelako ustekabeak 18.309,5
7 Inbertsio errealak  248.740
8 Kapital transferentziak 19.069,86
9 Finantza pasiboak 190.000
GUZTIRA 2.675.343,65

Haierako onespena: GAO 2016/03/07
Behin betiko onespena GAO 2016/04/21

Attachments:
Download this file (Aurrekontuak 2014.pdf)Aurrekontuak 2014.pdf[ ]168 kB
Download this file (Aurrekontua 2013.pdf)Aurrekontua 2013.pdf[ ]166 kB
Download this file (Aurrekontua 2012.pdf)Aurrekontua 2012.pdf[ ]176 kB
Download this file (Aurrekontua 2011.pdf)Aurrekontua 2011.pdf[ ]225 kB

1790an sortu zuen Bareñok larrua ontzeko lehen lantegia Antzuolan. 1880an izan zen bigarrena, Santiago Lamariano eta Lizarraldek “Lamariano y Cía” enpresa ipini zuenean. Ondoren etorri ziren azken biak: “Galarza Hermanos y Arbulu” eta “Hijos de José Telleria”. Enpresa guzti horiek, desagertzen joan ziren XX. mendeko 50eko hamarkadatik 90. hamarkada arte. Plastikoaren gorakada, nekazaritzaren krisialdia eta mekanizazioa, norgehiagoka, berrikuntza teknologiko eza,… izan ziren lantokiak ixtearen eragile nagusiak.

Industria horren azken aztarnak Telleria kokatuta zegoen eraikinean geratzen ziren, baina toki horretan etxe berriak egin zirenean izkutuan geratu ziren.
Hala ere, industria horren zertzeladak baditugu herrian zehar barreiaturik. Sasoi batean Bareño larru lantegia zegoen lursailean eraikitako plazari, esaterako, Zurrategi izena du. Izenak larrua lantzeari egiten dio erreferentzia, gazteleraz curtidería, esan nahi baitu.

1998ko uztailaren 4an, berriz, Zurrategi plazan lanbide horrekin lotutako langile bat larrua ontzen zuen eskultura inauguratu zen.

Larru langintzarekin zerikusia duten antzinako argazkiak web gune honetan eta Iñigo Ramirez de Okarizek argitaratutako Antzuolako argazki zaharrak 1900-1970 liburuan ikus daitezke.

2000. urtean Antzuolako larru ontzea liburua kaleratu zen. Antxon Agirre Sorondok eginiko ikerketan oinarritutako liburua, hain zuzen ere, eta gaur egun agortuta dagoena.

Telleria larru lantegiko artxiboaren katalogazioa egina dago. Bertan 30.000 dokumentu aztertu eta katalogatu dira. Aipagarria da Gipuzkoako enpresa industrial bakarretakoa dela Antzuolan dugun artxiboa.

 

1984 inguruan hasitakoa da aihertarren eta antzuolarren arteko harremana, Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako bi herri txiki hauen arteko adiskidetasuna Aiherrako Beltzuntze elkarteko zenbait lagunek eta antzuolar batzuek elkar ezagutu ondoren sortu zen. Adiskidetasun hori gorpuztuz joan da geroztik, eta hastapeneko harreman soilak bi herrien arteko lotura bilakatu dira.

Urte guzti horien buruan, urtez urte, herritarren arteko harreman pertsonalez gain, ekitaldi ugari antolatu dira, urtean behin, txandaka, urte batean Antzuolan eta bestean Aiherran, ospatu izan diren senidetze egunetan. Ospakizunaren ekintza nagusia bi herrietako herritarrek elkarrekin egiten duten bazkaria izan ohi da, baina badira nabarmentzeko beste ekintza asko ere: bi herriak eta inguruak ezagutzea, antzerki saioak, kantaldiak, hitzaldiak, erakusketak, pilota partidak, etab.

Harreman horren ondorioz, Antzuolako kale bati Aiherra izena jarri zitzaion.

Herri bien arteko harremana Antzuolako Udalak hasiera-hasieratik babestu eta bultzatu zuen arren, Aiherran Beltzuntze elkarteak hartu zuen harremanaren gidaritza bere gain. 2004an, ordea, Aiherrako Udalak ere Antzuolarekin harremana izan nahi zuela eta, herri bien arteko hitzarmena sinatu zen. Sinadura urriaren 29 iluntzean gauzatu zen Aiherran, 20. urteurreneko ospakizunen barruan, hain zuzen ere.

2009an bete zen harremanaren 25. urteurrena. Ospakizun ekitaldiez gain, herri bien arteko adierazpena onartu zen. Hemen.

2011ko maiatzaren 6an aurkeztu zen Aiherra eta Antzuolaren arteko senidetzeari buruzko liburua: Antzuola eta Aiherra, mugak zubi.

Liburuan 27 urte hauetako harremanak eman duena jasotzen da: senidetzearen hasiera, ondorengo urteetako nondik norakoak, 20. eta 25. urteurrena, protagonisten elkarrizketak eta argazki ugari... harremanaren isla diren irudi eta argazki ugari.
100 orri baino gehiago erraz eta arin irakurri eta gozatzeko.

Ikusi liburua hemen

1. HERRIGUNEAN

Herriko Plaza hartuko dugu abiapuntutzat. Handik hasi eta Kalebarrengo bidea hartuko dugu. Ondoren, berriro Plazara itzuliz, Buztinzuritik Antiguara joango gara, bidean Ondarretik paseatuz.

1.1. HERRIKO PLAZA

Bera guztia da ikusgai. Gipuzkoak duen plazarik politenetarikoa, bertan euskal barrokoak eredu ederrak laga dizkigu.
Udaletxeak -Martin de Carrerak XVIII. mendean egindakoa- garai bereko armarri ederra erakusten du, eta ohiturak dioskunez, bertan ikusten diren ilargi erdiak Baldejunkerako borrokan mairuei lapurtutakoak dira; eta, gaur egun, herriko jaietan Mairuaren Alardean goraipatzen da ekintza hura. Udaletxearen ondoan, eskumaldean, Bizkalatza etxea dago (6 zenbakia), hau ere barrokoa, nahiz eta apaingarri gutxi izan.

Ilara berean, Udaletxearen ezkerraldean, armarria daukan Goenaga etxea (16 zenbakia) ikus daiteke. Honek, oso bitxia den ertzdun armarria dauka, bertan, “Armas de Goenaga” jartzen du. Azpian, gaur egun Euskadi Kutxa dagoen tokian, bi zutabe toskano ikus daitezke. Etxe horren ezkerraldean (2. zenbakia), eraberrituta, antzinako goenagatarren etxea, orain Ostatukoa dena, hau ere XVIII. mendekoa. Etxe honen fatxadan, zera irakur daiteke: Joseph Ygnacio de Goenagak egina 1763. urtean. Plaza gainean, garai bereko iturri ederra dago; badirudi Martin de Carrerak egindakoa dela, XVIII. mendean. Iturri ostean, Olaran etxea eta frontoia daude.

Errukizko Amaren parrokiak ere mereziko luke beste aipamen bat. XVI. mendean jasotzen hasitakoa, ez du egungo itxurarik izango XIX. mendera arte. Oso sinplea da, apaingarririk gabea, sarreran azaltzen den barroko erako ate-aurrea izan ezik. Barruan, erretaula, neoklasikotzat (XVIII.m.) jo daitekeena eta Mexikon bizi zen Francisco de Iraeta e Ibarrak emandako diruari esker egina. Bertan ikusten den marmola Izarraitzekoa (Azpeitia-Azkoitia) omen da. Ezkerraldeko aldarean, berriz, antzina San Bartolomen egon zen Andra Maria dago, XIV. mendekoa.

1.2. KALEBARREN

Zurrategi Plaza inguruan eta Lizarragara doan bidearen bestaldean, Arriaga-Torrea (4 zenbakia), XVII-XVIII. mendeko jauretxea, nahiz eta aldatuta eta egoera fisiko kaxkarrean egon.

1.2.1. Errotabarri edo Altzarte errota:

Herrian martxan dugun errota bakarra, nahiz eta aspalditik argindarrez ibili. Ikusgarria benetan. Bideaz bestaldetik, errota honen presan ito zenaren oroigarria dago.

1.2.2. San Bartolome ermitaren kanpandorrea:

Bertan kokatuta zegoen mende honen 70eko hamarkadara arte ermita. Gaur egun, parrokian dago ermita horretako Andra Maria -XIV. Mendekoa-.

1.2.3. Maristak: 

Maristek (seminarioa eta komentua) eragin handia izan zuten herrian XX. mendearen hasieran etorri eta 70eko hamarkadan joan ziren arte. Eguzki auzoan, Maristen eskola eta gelak zeuden. Auzo honen atzealdetik San Josera -bertan bere irudia dago- joan daiteke. Oso bide ederra da eta Antzuola bere osotasunean ikus daiteke bertatik.

1.2.4. Lapatza baserria:

Negutegiz ia-ia estalia eta nekazaritza biologikotik bizi den baserria. Hiru arku dauzka -Antzuolan bakarra- eta XVIII. mendekoa da.
Hemendik berriro Plazara goaz. Udaletxetik gora...

1.2.5. Buztinzuri:

Nahiz eta eraberrituta egon, etxe ilara honen kokapena eta egitura -lurraren desnibelak zainduz- XVIII. mendekoa da.

1.2.6. Kalegoi:

3. zenbakian (Txasionekoa), garai batean herriko harategia izan zena aurkitzen da. Udaletxea bezala, XVIII. mendekoa eta Martin de Carrerak egindakoa da. Oraindik garai hartako zurezko balkoiak ikus daitezke, nahiz eta egoera fisiko kaxkarrean egon. Inguruko etxeetan, eta hormetan itsatsita, kalbarioko gurutzeak beha daitezke. Etxe honetatik beherantz joanda...

1.2.7. Ondarra plaza:

Bertan ikus daiteke, 3 zenbakiarekin, Amarrandegiko etxea. Izenak adierazten duen bezala, herritarrek elizari emandako hamarrenak edo diezmoak gordetzen ziren etxe horretan. Herri arkitektura bitxia duen eraikin honek ez dauka parekorik, ez herrian, ezta inguruan ere, Nafarroa aldeko etxeen egitura baitauka. XVIII. mendean egindakoa da hau ere..
Berriro Kalegoira goaz.

1.2.8. Kalegoi:

9. zenbakian, Montxonenekoa dago; ikusgarria da zorua estaltzeko daukan errekarria. 11-13 zenbakietan, berriz, Migelenekoa eta Txasiozarrenekoa. Bere egiturari begiratuz gero, kanpoaldean eta barnealdean gotiko tankerakoa dela konturatuko gara; beraz, XV-XVI. mendekoa, eta herriguneko etxerik zaharrena.

1.2.9. Antigua:

Bide bazterretan kalbario gurutzeak ikusten dira. Auzo honetan ikusgarriak dira, besteak beste, Iriarteazpikoa baserria, Antiguako ermita, Antiguako errota eta atseden-lekua eta Kalbarioko gurutzeak. Iriarteazpikoa baserria, bere ohol egiturarekin eta erdian harlanduzko zutabe toskanoa duena, XVII. mendean eraikitakoa da. Antiguako ermitan Andra Mariren irudi gotiko ederra ikus daiteke (XIV. m.). Antiguako errotan, garai bateko errotaren tresneriak gordeta jarraitzen du. Etxe honen ondoan atseden-lekua dago. Kalbarioko gurutzeak, barrokoak hauek ere, Pasioaren ikurrez horniturik daude eta ohiturak dioskunez, herriko ume asko ermitako zaindariarekin eta amarekin, oinez ikastera joaten ziren bertara: hiru buelta ematen ziren eta buelta bakoitzean, otoitz eginez, oilarrari laztana ematen zitzaion.

2. UZARRAGA ETA GALARTZA AUZOETAN ZEHAR

Denbora: Hiru ordu.
Kilometroak: 9.
Zailtasuna: Erdi-mailakoa.
Interesgunea: Uzarraga eta Galartza auzoak ezagutzeko aukera ematen digu ibilbide honek. Bergara aldean, baina Antzuolako udalerrian kokatuta dauden baserriak ikusteko aukera izango dugu.

  • Antzuola: Beheko auzotik -Etxezuri baserritik- hasten den Uzarragako bidea hartuko dugu, Sallabente, Arimendi eta Iturriotz baserrietatik pasatuz.
  • Lausagarreta eta Elutzeko karobiak: Lehenengoa, Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta baserriaren azpian aurkituko dugu; bestea, hau ere Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta baserriaren gainean dago, *Elutza baserria egon zen tokiaren inguruan, hain zuzen. Ez daukagu herrian ondo kontserbatzen den karobi asko, beraz bi hauek izan daitezke salbuespena, haien ataka (azpiko arkua) eta goiko ganga edo bobeda eta guzti.
  • Uzarraga: Tenplario garaikoa omen den eliza zahar (Antzuolako lehen parrokia) 201Xeko xxxean itxi behar izan zen, egoera kaskarrean zegoelako. Gaur egun, eliza konpondu eta zabaltzeko lanean dihardu herritar talde batek.
    Eliza barruan, besteak beste, hauek ziren elementurik aipagarrienak:
    • Erretaula, Antxietaren eskolakoa, bere ikasle Jeronimo de Larreak XVII. mendean egindakoa.
    • Marfilezko edo Urrutiko gurutzea ere XVII. mendekoa da, Mexikon bizi zen Urrutia baserriko seme batek bidalitakoa.
      Uzarraga gainean, Sarralde eta Galartza auzorako bidean, bidegurutze bat aurkituko dugu; bertatik, ezker aldera hartuz gero, *Santa Kruz daukagu.
  • Santa Kruz: Bertan, XVIII. mendera arte, Santa Kruz izeneko baseliza egon zen, eta hor lurperatzen omen zituzten Leintz bailarako gizon ospetsuak, tenplarioen babesean.
  • Sarralde: Hutsik. Barruan gordetzen da, igeltsuz eginda, armarriaren kopia. Horrez gain, sabaian gordetzen da garai bateko dolare habe ederra.
    Urrutia baserrira iritsi aurretik, Bereterio (Beteixo) baserria, suteen ondorioz etxe egitura zeharo aldatuta daukana.
  • Urrutia: Bizkaiko Zaindari Berriotxoako Balentinen amaren -Maria Monika de Arizti- jaiotetxea dugu, baserriko oroigarriak dioen bezalaxe.
    Hemendik, Bergara aldean kokatutako baserrietara eramango gaituen bidea hasten da. Eta kilometro batera...
  • Gorrizandia: Ateondo edo ezkaratza polita dauka, zutabe eder eta guzti. Gainaldean, berriz, *Gorriztxikia, Elorriaga eta *Ameztizar baserriak ikus daitezke. Behealdean, erreka zokoan, Galartzako errota, 1920an eraikitakoa, baina gaur egun egoera kaxkarrean dagoena. Bertan, garai bateko tresneria mantentzen da, eta ateondoan perratzeko tokia -ingude eta guzti- dauka.
  • Ugarriagazpikoa eta gainekoa: Bertan ikus daitezke, ia-ia baserriekin bat eginez, Bergara aldera Antzuolak dituen mugarriak. Inguruan abelazkuntza-kooperatiba dago eta, gainaldean, bidetik beste aldera, Antzuolako Portu etxea.
  • Etxeberrisoro: Hutsik. Ugarriaga baserrien azpian, ate gainean, ulergaitza den inskripzioa dauka. Egun abelazkuntza-kooperatibak darabil baserri hau. Galartzako errekarantz, eta batetik bestera zeharkatzeko gure erreketan hain gutxi gelditzen diren zubitxo bat pasatuz, beherantz hartuko dugu, egun ia hutsik dagoen Galartza baserriarekin topo egin arte. Bertan, antzinako trenbide (1971ko otsailean desagertua) inguruan hasten den aspaldiko bidezidorra hartuz...
  • Besagasti: Hutsik. Oholezko aurrealde interesgarria dauka (XVI-XVII.mendekoa), Gipuzkoa barruan, Ezkio-Itsason dagoenarekin batera, ikusgarrienetakoa. Interes arkitektoniko-artistiko handia dauka konjunto osoak: ezkaratzako zutabeak, matxinbrerak, dolarearen zutabeak,... nahiz eta egoera fisiko kaxkarrean egon.
  • Mendiola: Hutsik. Arbelez eginiko aurrealde arkodun ederra ikus daiteke eta gainean antzinako egurrezko leihoak dauzka.
  • Santa Ageda ermita: Bertako Andra Mariaren irudia (Santa Anarena eta XIII. mendekoa zena) 1984an lapurtu zuten eta oraintsu agertu da. Antzina ermita hau San Llorenteri -San Lorenzo- eskainita bazegoen ere, egun Santa Ageda da bertako zaindari; jaia, otsailaren 5ean, San Blas ostean, ospatzen da. Bertan ogia eta haziak bedeinkatzen dira.
  • Untzarri: Hutsik. Baserriaren aurreko ohol-egitura polita eta bitxia dauka.
    Eta bertatik hasten den porlanezko bideari jarraituz, Iturriotz baserriaren ingururaino; hortik, kilometro eta erdira, Antzuola.

3. LIZARRAGA AUZOAN ZEHAR

Denbora: Hiru ordu.
Kilometroak: 8.
Zailtasuna: Erdi mailakoa.
Interesgunea: Natura ingurune ederra du auzo honek. Etnografia mailan ere interesgarria da: karobiak, errotak, albergak, baseliza, elizbidea...

  • Antzuola: Kalebarrengo zubitik Lizarraga auzora doan bidea hartuko dugu.
  • Udala: Karobia dugu bertan ikusgai.
  • Ugartetorre: XVII. mendeko etxe honek ikusgarria dauka teilatuaren barruko egitura. Zer esanik ez bertako armarri handi eta polita.
  • Larrebarrengo errota: Aspaldidanik geldik dagoen errota honetatik Aranburu baserria ikus daiteke, harlanduzko bi arkurekin.
  • Laskurain errota: Gezurra badirudi ere, Euskal Herri mailan desnibel ezberdinetan bi errotape dauzkan errota bakarrenetakoa izan daiteke berau. Sorgin zulo ere deitzen zaio inguru honi.
  • Bizkalatzatik Zumaetetara: Zumaetazpikoak antzinako etxearen inskripzioa eduki arren Zumaetagañekoa da zaharrena. Garai batean Zumaeta bakarra zen, baina trenbidea egiterakoan mugitu egin zenez, bota eta bi Zumaeta berri eraiki zituzten XIX. mendearen bukaeran.
  • Laskurainandi: Hementxe hil omen zuten Gipuzkoako azken hartza 1867an.
  • Akinibai eta Akinibaiko errota: Herriko ura hartzen den tokiarekin batera, eraberritutako errota ere ikus daiteke.
  • Akiñao ezkerraldean lagata, San Martzial ermita: XIX. mendera arte bertako zaindari Santa Katalina izan arren, harrez gero San Martzial dugu. Nahiz eta interesgarria izan batez ere kanpoko arkitekturarengatik (XVI. mendeko ateburu eta leihoak), ikusgarria da barruko egur lanketa ere (basurde buruak ikus daitezke landuta). Barruan Santiagori eskainitako irudiak ere badaude. Erromesari, “Pikunittako -herriko baserria- eskolaua” esaten diote Antzuolan. Horrez gain, bertako jaietan ateratzen den kofradeen pitxerra ere interesgarria da, nahiz eta berau maiordomoaren etxean gorde.
  • Iturbeandia: XVIII. mendeko baserri armarridun eder honetan, ateondoan, dirudienez erromesek ekarritako gurutzea zintzilikaturik ikusten da. Gainaldean, berriz, Iturbetxikia.
  • Aranguren: Etxe azpian, XVI. mendekotzat jo daitezkeen etxearen horma eta ate zorrotza ikus daitezke.
  • Lamarianoak (Lamaño): Azpiko baserriak barruan duen teilatu egitura oso bitxia da. Gainekoan, berriz, Uzarragara eramango gaituen antzinako elizbidea ikus daiteke.
  • Lizariturri: Ingurua ikusi eta gero baserri honen izena nondik nora datorren konturatuko gara. Garai bateko armarriaren kopia egun Donostian dago.
    Ehun metrora, Zumaetara iritsi aurretik, eskumako bidea hartu eta...
  • Goenaga: Baserri askotan desagertu diren saeterak ditu upategian.
    Hemendik Goitia baserrira joango gara, eta beheruntz hartuz Jauregira. Hemen, eskumaldean hasten den bidetik...
  • Iraeta: XVIII. mendearen bukaeran hasi ziren baserri eraikuntzetan arkitekto tituludunak parte hartzen, eta baserri hau diseinatu zuen Alejo de Miranda bergararra izan zen aitzindari.
  • Azkarate: Atzealdean dago baserri honetako aztarnarik zaharrena: XVI. mendeko ate zorrotz bat. Aurrealdean jarri berria da armarria, bertan bizi baitira oraindik azkaratetarrak. Etxe aurretik pasatzen da Uzarragako elizbidea, eta jarraituz gero bertara eramango gaitu.
  • Lausagarreta: Bere inguruan bi karobi eder ikus daitezke: bata, lehen Elutsa baserria zenaren inguruan; bestea, Lausagarreta baserriaren azpian.
    Hemendik, eta Iturriotz baserria inguruan dugula, Antzuolara garamatzan bidea jarraituko dugu.

4. IRIMOEGIOGOENA AUZOAN ZEHAR

Denbora: Lau ordu.
Kilometroak: 15
Zailtasuna: Goi mailakoa
Interesgunea: Auzo honen paisaia ederra izateaz gain, ibilbide honek Urola aldean Antzuolak dauzkan baserriak eta inguruneak ikusteko aukera ematen digu

  • Antzuola: Antigua auzotik hasita...
  • Ibarra: Eraberritutako baserri hau indiano ospetsuen jaiotetxea izan da. Besteak beste, Francisco Iraeta e Ibarra, Mexikon merkatari ospetsua izan zena (bere diruaz herriko parrokiaren aldarea egin zen XVIII. mendearen bukaeran).
  • Iralatorre: Zeharo aldatuta baldin badago ere, garai bateko etxearen aztarnak ikus daitezke kanpo eta barnealdean. Nahiz eta garai batean armarri ederra izan, egun Algortako jauretxe batean kokaturik dago.
  • Irala: Egun zeharo hondatuta egon arren, badirudi iralatarren antzinako etxea bertan kokatu zela, beraz ondorengoa da Iralatorre.
  • Arreluztxiki: Duela gutxi eraberrituta, ateondo gainean baserri honen beste berreraiketa baten data ikus daiteke: 1855ekoa alegia. Baserriko ogia egiten den azken baserrietakoa da. Eskumaldean Arreluzandi eta Arreluzetxebarri lagata...
  • Igeribar: Batez ere arbelez eginiko baserri hau egoera fisiko kaxkarrean dago.
  • Sarasketa: Azkarate baserrian bezala, interesgarria da atzealdeko XVI. mendekoa izan daitekeen arku zorrotza. Goruntz jarraituz, Sarasketaetxeberri baserriarekin topo egiten dugu.
  • Meaka/Trekutz: Trekutzen, eta Gaztelu Gain izeneko elkartearen aurrean, hondatutako tumulo baten aztarnak ikus daitezke.
    Hemendik, Urola aldera begira, eta beheruntz doan pista bati jarraituz...
  • Bazterriñak: Hiru baserri daude: goikoa, erdikoa -lurjota- eta behekoa, 70eko hamarkadan hustutakoak. Hemen aukeran: erdiko baserritik beheruntz doan bidezidor bat hartu, edo pistari jarraitu.
  • Ursalto: Urretxu, Aizpurutxo eta Azkoitiko bidearen bazterrean, gure udalerriko baserririk urrutiena, eta baita ezezagunena ere.
  • Ondamendi: Garai batean Urola izenarekin ezagutzen zen baserria egun Antzuolako herri-bizitzara baino Aizpurutxora begira dago.
    Eta orain arte behera egin baldin badugu, Ondamenditik pistaz gora jarraituko dugu...
  • Pikunieta: Zeharo eraberritua, garai batean bertako erromeria eta taberna oso ospetsuak ziren. 1960ko hamarkadan hustu eta erre zen. Egun gazte talde batek ustiatzen du.
    Bertatik, porlanezko pista edo bideri jarraituz...
  • Korosterratzuko atseden lekua: Hemendik eta eskumaldeko bideari jarraituz, Uzarragako bidea -lehen Elizbidea zena- hartuko dugu.
  • Santikutz (Santa Kruz): Ahozko ohiturak dioenez, bertan, garai batean oso kanposantu ospetsua egon omen zen eta bertara Leintz bailarako zenbait gizon ospetsu hilobiratzera ekarri omen zituzten. Dena dela, baseliza bat egon zen XVIII. mendera arte, nahiz eta ordurako ere lurjota egon.
    Uzarragatik Antzuolara doan bidea jarraituz, bi kilometrora herrigunean sartuko gara.

5. BASALDE AUZOAN ZEHAR

Denbora: 2 ordu
Kilometroak: 7
Zailtasuna: Erdi mailakoa
Interesgunea: Natura, arkitektura artistikoa eta etnografia gune ikusgarria (Aritzagabasaldeko hariztia, Amilletako indarretxea, San Blas ermita, Kalbarioko gurutzea...).

  • Antzuola: Ondarreko iturritik, Mañarieta-Mendigorritik, Irimoegigoenera garamatzan bidexka hartu.
  • Aitzaga: Baserri hau eraberrituta baldin badago ere, bere ateburuko ohol egitura, harlanduzko koloma eta guzti, Iriarteazpikoaren antzera, XVII. mendean koka daiteke.
  • Kaseta eta trenbidea: Etxe honen inguruan, 1971ko otsailean desagertu zen “Los Vasgongados” trenaren trenbidea hartu eta, Otamendi, Irimo eta Eguzkitza baserriak eskumaldean lagaz...
  • Galardi: Garai bateko etxearen inskripzioa etxe osteko fatxadan ikus daiteke.
  • Amilleta: Egungo arkodun ateburua XVIII. mendekoa bada, barruan XV-XVI. mendeko arkua dauka.
    Zerbait aurrerago -trenbideko tunela pasa eta gero-, oraindik martxan dagoen Basalde-Amilletako indarretxea dago.
  • Iñurrigarrogañekoa: Nahiz eta etxe hau mende honetan eraberritua izan, badu Ipar-mendebaldeko fatxadan bere antzinakotasuna adierazten digun elementu bat: XVI. mendeko arku zorrotz bat (orain estalia).
  • Madariaga: Trenbidean aurrera jarraituz, berehala topo egingo dugu baserri honekin. Interesgarriak dira bere aurrealdeko fatxadako arkoetan dauden harginen zenbakiak; baita mendebaldera -trenbidera- begira dagoen leihoa ere: ohiturak dioskunez, eguraldi goibelarekin hildako baten espiritua azaltzen zen bertan.
    Iñurrigarrogañekora itzuliz eta azpiko Iñurrigarroa lagaz...
  • Basalde errota: Bide baztarrean, egoera fisiko kaxkarrean dago. Ezkerraldean, Erautza baserria dago.
  • San Blas ermita: Olotz izeneko lur eremuan dago eraikita, eztarriko gaitzak sendatzen dituen zaindari honen ermita. Hala ere, garai bateko zaindaria Santa Engratzia izan omen zen; Santa Engratzia de Olotz, dokumentuetan azaltzen den bezala. Otsailaren 3an ospatzen da bertako jaia; eta bertara herriko okindegietan egindako opil bereziak eramaten dira bedeinkatzera. Mendebaldean dauzka XVI. mendekotzat jo daitezkeen leihatilak. Bitxia da baita iparraldeko fatxadan zapatak-eta gordetzeko dagoen leihatilatxoa ere. Barruan, “U” tankerako koroa, garai batean oso ohizkoa baina egun leku gutxitan dagoena.
  • Aritzagabasaldeko baserria eta hariztia: Izen bereko baserri inguruan, Antzuolan dugun hariztirik handiena, ederrena, sendoena eta ia-ia bakarra.
    Arreta handiz Zumarragara doan bidea zeharkatuz, autobus geltokia dagoen bidetik goruntz jarraituko dugu; ezkerraldean...
  • Zorroztarrieta: Garai batean herrian ospe handia zeukaten baserri honetako erlauntzek eta hartzen zen eztiak.
  • Altzeta: Antzuola herria bere osotasunean ikusi ahal izateko aukera ederra dugu inguru honetan.
  • Loieta: Dauzkan arkuak direla eta, oso baserri atipikoa da Loieta bai gure herrian, bai Gipuzkoan. Tankera honetako arkuak Bizkaian ikusten dira, batik bat.
  • Iriartegañekoa: Ateondo ikusgarria: arkuduna, eta armarriarekin batera erdi puntuko leiho bitxia (XVI. mendea). Ongi bereizten dira medianila eta antzinako etxearen aztarna. XVIII. mendekoa da.
  • Iriarteazpikoa: Etxearen aurrealde guztia bitxia da, Arabako baserrien tankerakoa: ohol egitura bertikala, tartean adreilua jarrita; itzelezko ateburua, harlanduzko koloma eta guzti, Aitzaga baserrikoaren antzera. Dokumentuen arabera, XVII. mendean egindakoa.
  • Kalbarioko gurutzeak: XVIII. mendekoak, barrokoak beraz, Pasioaren ikurrez osaturik dagoen erdiko gurutzea dugu interesgarriena. Ohiturak dioskunez, Antiguako baselizako serora edo beatarekin, gurutze honi hiru buelta eman, eta bakoitzean oilarrari laztana emanez, joaten omen ziren etxekoandre asko euren umeekin bertan oinez ikas zezaten.
  • Antiguako ermita: Bere izenaren jabe da, agian Errukizko Amaren parrokia egin aurretik Olaldeko parrokia izan zelako. Bertan, XVI. mendeko Andramari gotiko bikaina dago; eta XV. mendeko Magdalenaren irudia, berriz, Donostian dago.
  • Antiguako errota: Eraberrituta badago ere, bertan errotaren tresneria gordetzen da.

6. IRIMOEGIBARRENA AUZOAN ZEHAR

Denbora: 3 ordu
Kilometroak: 12
Zailtasuna: Erdi mailakoa
Interesgunea: Udalerriko inguru goibelena, bakarrena behar bada, hala ere pinudiak direla eta, gizakiaren eragina nabarmen jasan duena izan daiteke, ingurua degradatuz: pistak, matarrasak,... Honez gain, inguru goibela denez, oso baserri gutxi daude bertan

  • Antzuola: Antigua auzotik Iriarte eta Irainera (Igirain) doan bidea jarraituz....
  • Urkillu: Bertatik hasten omen zen Oñatiko galtzada zaharra, ezkerraldetik zihoana -zati batzuk egin daitezke-. Goian, Arrandariko bidea lagata...
  • Irular (Ibular) azpikoa eta gainekoa: Dagoeneko lurjota dauden baserri hauek, gure herrian lehenengo hustutakoak dira.
  • Azaldegieta: Atseden lekua, Landarraitz mendigainera edota garai batean Antzuolako baserririk altuena eta urrutiena zen Astobiagara joateko abiapuntua.
  • Trukarriaga (Turkoarriaga): Iturria. Izen erroa aztertuko bagenu trikuharritik datorrela pentsa liteke.
    Hemendik, eta ezkerraldeko pista jarraituz, lurjota dagoen Miso baserrira iritsiko ginateke. Beheruntz Burubikora edota Bergaratik Zumarragara doan bidera. Hor goruntz jarraituz...
  • Aldabeko iturria: Arizti baserriaren inguruan, bide baztarrean, ur ederra duen iturri hau dago.
  • Ariztiberri eta Ariztizar: Lehena, herrian dugun baserririk berriena da, mende honen 30eko hamarkadan egina; eta aurrerago, bere antzinakotasuna gordez, Ariztizar.
  • Bidaurre: Eskumaldean, Benitua lagata, bere izenaren jabe den Bidaurrera iristen gara. Badirudi etxe aurre honetatik Bergarako galtzada zaharra pasatzen zela. Bertatik datorkio izena ere: Bide+aurre. Nahiz eta eraberritua egon, bere antzinakotasunaren lekuko da iparraldean daukan armarria.
    Bertatik, eta Zabala baserritik abiatzen den bidexkatik, Uzarragatik datorren bideraino; hemendik Antzuolara.

7. IRIMOEGOGOENA ETA IRIMOEGIBARRENA AUZOETATIK

Denbora: 4 ordu
Kilometroak: 17
Zailtasuna: Goi mailakoa
Interesgunea: Ibilbide honetan naturak garrantzi handia baldin badu, eta batez ere basoak (pagadiak, alertzeak, herrian dauden hagin bakarrak...), ezin da baztertu bertan
dauden aztarna arkeologikoak: tumuloak alegia. Etnografian, berriz, desagertzear dauden azkenengo galtzada zaharrak; Oñati-Legazpi-Urretxu-Antzuola mugarriak...

  • Antzuola: Jarrai dezagun bosgarren ibilbidea Arrandariko bidegurutzera arte (Zabaldoko iturria). Hemen, eskumaldera hartu beharrean, Azaldegietara alegia, Arrandarira hartu.
  • Arrandariak: Bi baserri dira: lehena, Ozaeta; bigarrena, Torrekua. Eraberrituak egon arren, inguruan ikus daitezke alberga, labea...
    Korosoko galtzada hartu eta...
  • Agiñaerreka: Naturgune interesgarria, Antzuolan dauzkagun hagin zuhaitz bakarrak bertan daude eta.
  • Arrandari-Korosoko bidea: Garai bateko galtzada zaharrari jarraituz, eta Egiandiko pagadia zeharkatuz...
  • Koroso: Bertan dagoen iturrian ura edan nahi izanez gero, beheruntz doan bidea hartu behar da; 200 metrora dago.
  • Argilekuko txabola: Arrolako bidean dago, eta urte berriarekin batera, Arrola mendi elkarteak bertan ospatzen du urteroko txistorra jana. Inguru ederra Aitzgorri ingurua ikusi ahal izateko.
  • Arranoaitz: Gutxira arte burdinezko gurutzea baldin bazegoen, orain buzoia eta oroigarri bat besterik ez dago. Paraje zoragarria mendiak (Aitzgorri, Udalaitz, Andarto, Anboto, Gorbea,...) eta inguruak ikusi ahal izateko.
  • Arrolamendi I: Arrola mendira iritsi aurretik, monumentu megalitikoa: Tumuloa.
  • Arrola: 907 metro dauzka, eta 60-80 metrora iturria dago. Paraje ederra. Beheruntz, Urretxu eta Legazpiko inguruak ikusten dira.
  • Ardanbideta: Tumuloak. Hirugarren tumuloaren azpian, eta Lakiriolara iritsi aurretik, 1910ean jazotako heriotz baten oroigarria ikus daiteke.
  • Lakiriola: Iturria, eta ezkerraldetik hasten den pista bati jarraituz gero, 500 metrora, beste oroigarri bitxi bat dago. Inguruan Legazpiko elkarte bat dago.
  • Deskarga: Mendate honetan dago 1 zenbakia duen mugarria; bertan dago baita Urretxu, Legazpi eta Antzuola udalerrien mugarri bateratua ere.
    Antzuolatik Zumarragara doan bidea zeharkatuz, bertatik gora hasten den pista bati jarraituz...
  • Trekutz: Atseden lekua, bertan Gaztelu Gain izeneko elkartea dago; inguruan, hondatutako tumuloa. Paisaia bikaina du inguru honek.
    Hemendik, porlanez egindako bidea, eta Basalde auzoa behean lagata, Irimoegigoena auzoa zeharkatuko dugu (ikusi 3. ibilbidea) Antzuolaraino. Bost kilometroko jaitsiera zoragarria.

1. KIROL ELKARTEAK

 1.1. ANTZUOLAKO KIROL ELKARTEA (AKE)

Antzuolako futbol taldea da.

1.2. ARROLA MENDIZALE ELKARTEA

ARROLA mendizale elkartea mendiko ibilaldiak maite zituen lagun talde batek 1972 urtean sortua da, eta bere oinarrizko asmoa mendirako zaletasuna interesa duten guztiei zabaltzea da.

Diru etekinik ateratzeko asmorik ez duen talde bat da, eta gure helburua mendizaletasunaren inguruko alderdi guztiak bultzatzea. Horretarako, bereziki, maila ezberdinetako irteerak (ume, gazte zein nagusiendakoak) antolatzen ditugu, mendian lagunekin ibili eta naturaz gozatu ahal izateko; eta beste zenbait ekintza ere bultzatzen ditugu, hala nola, eskalada, mendiko bizikleta, orientazioa, argazkigintza eta abar.

Gure filosofiari dagokionez, taldean sortu nahi dugun filosofia lehiarik gabeko ikuspuntu batetik kirola ulertzeko modu bat da. Kirol mota hau gozatzearekin lotzen dugu eta oso aberatsak iruditzen zaizkigu esperientziak trukatzeko, elkarri laguntzeko, ikasteko… eskaintzen dizkigun aukerak; hortaz, horiek bultzatu nahi ditugu, errendimenduaren eta marken gainetik.

Bide honetatik jarraituz, gure asmoa urtez urte jarduerak antolatzen jarraitzea da, proiektu berriak sortu eta gauzatuko ditugun ilusioz.
Beraz, kirola eta mendia maite duen jende guztia gonbidatzen dugu gure ekintza eta irteeretan parte hartzera, esperientzia probatzera eta gustuko gauzak eginez lagun talde batekin nahiak asetzera.

Animatzen bazara, ateak zabalik aurkituko dituzu!!!

Elkartearen gaineko informazio gehiago honako helbideetan aurkitu dezakezu:

  • Facebook: https://www.facebook.com/arrola.mendizaleelkartea
  • Argazkiak: https://plus.google.com/photos/105711200290604879482/albums?banner=pwa
  • Harremanetarako: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

1.3. PEÑA AIASTUI

Antzuolako txirrindularitza taldea da

1.4. OLALDE EUSKAL KIROLAK

Esku pilota, pala, eta pilota oro har lantzen duen herriko elkartea da.

1.5. EPERRA

Antzuolako ehiza elkartea da.

2. GIZA ETA KULTUR ELKARTEAK

2.1. OINARIN

Antzuolan euskal dantzak irakasten dituen elkartea da. Auzoetako eta herriko jaietan dantza egiten dute, baita herriko ekitaldi nagusienetan ere. Inguruko herrietako dantzari egunetan ere parte hartzen dute. Eurei esker berreskuratu dira Antzuolako inauteriak. Trokeo dantzak dira Antzuolako dantzarik bereizgarrienak.

2.2. TXISTULARI TALDEA

 

                                                                                                                                                                                  Txistua jotzen dute domekero 10:00etan kalejira eginaz herriko kaleetan zehar. Herriko auzo, jai eta ekitaldi nagusietan parte hartzen dute.

2.3. PAUSOKA

Eskolako umeen guraso elkartea.

2.4. ANELKAR

Herrialde pobretuetan garapen programak bultzatu eta laguntzen dituzte. Urtean zehar haibat ekintza egiten dituzte beste herrialdeetako proiektuak garatu ahal izateko.

Honako loturan elkartearen argazkiak ikusi ditzakezu:
https://plus.google.com/u/0/photos/114428642840018586212/albums

Harremanetarako:
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

2.5. JUBILATUEN ELKARTEA

Herriko jubilatuak batzen dituen elkartea. Aisialdi eta kultur ekintzak gauzatzen dituzte. Egoitza Torresoroan dute. Tabernaz eurak arduratzen dira; txanda sistema bidez antolatzen dira.
Harremanetarako: 943 766 271

2.6. ANTZUOLAKO GAZTETXEA

2.7. MAIRUAREN ALARDEAREN ELKARTEA

Mairuaren Alardea antzuolarron kultura ondare garrantzitsuena izaki, beti egon izan da alardeaz arduratu izan den taldea eta berau herritarren nahiz herritarrak ez direnen artean sustatzea eta urtero ospatzen den alarde egunean duintasunez bera kaleratzeko baliabideak bermatu dituena. Ofizialki, ordea, Mairuaren alardearen kultur elkartea 2004an eratu zen.

Honakoa da Antzuolako alardearen elkartearen web orria:
www.antzuolakoalardea.com
Facebook eta Twiter-en ere aurkitu dezakezu

3. ELKARTE GASTRONOMIKOAK

IZENA HELBIDEA TELEFONOA

  • Danok Bat Buztinzuri 4
  • Eperra Kalebarren 4
  • Gaztelu Gain Trekutz z/g
  • Olalde Kalebarren 1 943 76 63 60
  • Trekutz Buztinzuri z/g

1. JAI NAGUSIAK

Uztaileko hirugarren domekan bukatu eta aurreko ostegunera arte izaten dira. Ostegun iluntzean hasten dira jaiak, Oinarin dantza-taldeko txikienen ikurrin-dantzarekin eta Udaleko zinegotzien dantzekin.

Jaietako ekintzarik nagusiena, baina, larunbatean egiten den Mairuaren Alardea da.

Alardearen ondoren ere herriko dantzariek urtero dantza saioa eskaintzen dute. Besteak beste, “Trokeo-dantzak” izenarekin ezagutzen ditugun dantzak egiten dira; hau da, makila txikiak, makila handiak, zinta dantza eta uztai edo arku-dantza.

2. AUZOETAKO JAIAK

2.1. SAN BLAS:

Otsailaren 3an da San Blas eguna, baina aste horretako zapatuan ospatzen da jaia Basaldeko ermitan. Katarro eta eztarriko gaitzen zaindari dela esaten da. Egun horretarako herriko okinek apropos egindako San Blas opilak eta kandelak bedeinkatzen dira.

2.2. SANTA AGEDA:

Galartza auzoan ospatzen da, otsailaren 5ean. Bezperan, eguna argitu bezain azkar, herriko kintoak Antzuolan baserririk baserri ibiltzen dira kantuan, santa eskean. Gero, ilunabarrean, herrira jaitsi eta auzoz auzo ibiltzen dira, kantuan.

2.3. KORPUS JAIAK ONDARREN:

Korpus egunaren asteburuan ospatzen dira. Zapatu goizean, besteak beste, ginkana izaten da. Arratsaldean ere umeendako ekintzak izaten dira nagusi: krossa, jolasak, merienda... Gauean, giro aparta egoten da auzotarrek gertatuko afarian. Domeka goizean prozesioa izaten da ekitaldi nagusia.

2.4. SAN JOANAK UZARRAGAN:

Uzarragako jaiak San Joanak (ekainak 4) dira, bezperan zuhaitza sartu eta sua pizten da. San Joan Txiki (abuztuak 29) ere ospatzen da.

2.5. SAN PEDROAK KALEBARRENEN:

Ekainaren 29an dira Kalebarrengo jaiak, San Pedroak. Bezperan, gauean, auzoko balkoi edo leihoetan loreontziak lapurtu eta beste toki batean lagatzeko ohitura omen zegoen. Jaietako ekintzarik aipagarrienetako bat zapatu gauerdian egiten den sagar-dantza da, baita bi urtean behin egiten den asto-lasterketa ere.

2.6. SAN MARTZIALAK LIZARRAGAN:

Lizarraga auzoko zaindaria da San Martzial. Jaia ekainaren 30ean ospatzen da, ermitan bertan, herriko plazatik 2,7 km-ra. Auzokoek San Martzial egunean ateratzen dute bertako pitxer berezia, “sirve para San Marcial” idatzita daukana.

3. SAN ISIDRO

Berez, maiatzaren 15ean da, baina feria aste horretako zapatuan egiten da. Orain dela gutxira arte, ganadu eta baserriko tresnen azoka egiten zen bakarrik, baina gaur egun ganadu, artisautza eta janari saltzaileak egoten dira.

4. INAUTERIAK

Inauterietako igandean sorgin-dantza egiten da. Hartza, tximinoa eta domadorea ere ateratzen dira. Antzuolak inauteriak ospatzeko ohitura eta gogoa betidanik izan du, entzutea dugunez.

Ez dakigu sorgin-dantza noiz egin zen Antzuolan lehenengo aldiz. 1922 inguruan dantzatu zuen dantza talde batek, baina jakin badakigu dantzari horiei 25-30 urte gehiago zeuzkan Nikomedes Letek irakatsi ziela dantza hori, beraz, 1885 inguruan dagoeneko dantzatzen zen Antzuolan sorgin-dantza. Dantza honekin batera beste hiru pertsonaia berezi izaten ziren inauterietan: hartza

Breadcrumb