Antzuola-Aiherra Senidetzea

1984 inguruan hasitakoa da aihertarren eta antzuolarren arteko harremana, Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako bi herri txiki hauen arteko adiskidetasuna Aiherrako Beltzuntze elkarteko zenbait lagunek eta antzuolar batzuek elkar ezagutu ondoren sortu zen. Adiskidetasun hori gorpuztuz joan da geroztik, eta hastapeneko harreman soilak bi herrien arteko lotura bilakatu dira.

Urte guzti horien buruan, urtez urte, herritarren arteko harreman pertsonalez gain, ekitaldi ugari antolatu dira, urtean behin, txandaka, urte batean Antzuolan eta bestean Aiherran, ospatu izan diren senidetze egunetan. Ospakizunaren ekintza nagusia bi herrietako herritarrek elkarrekin egiten duten bazkaria izan ohi da, baina badira nabarmentzeko beste ekintza asko ere: bi herriak eta inguruak ezagutzea, antzerki saioak, kantaldiak, hitzaldiak, erakusketak, pilota partidak, etab.

Harreman horren ondorioz, Antzuolako kale bati Aiherra izena jarri zitzaion.

Herri bien arteko harremana Antzuolako Udalak hasiera-hasieratik babestu eta bultzatu zuen arren, Aiherran Beltzuntze elkarteak hartu zuen harremanaren gidaritza bere gain. 2004an, ordea, Aiherrako Udalak ere Antzuolarekin harremana izan nahi zuela eta, herri bien arteko hitzarmena sinatu zen. Sinadura urriaren 29 iluntzean gauzatu zen Aiherran, 20. urteurreneko ospakizunen barruan, hain zuzen ere.

2009an bete zen harremanaren 25. urteurrena. Ospakizun ekitaldiez gain, herri bien arteko adierazpena onartu zen. Hemen.

2011ko maiatzaren 6an aurkeztu zen Aiherra eta Antzuolaren arteko senidetzeari buruzko liburua: Antzuola eta Aiherra, mugak zubi.

Liburuan 27 urte hauetako harremanak eman duena jasotzen da: senidetzearen hasiera, ondorengo urteetako nondik norakoak, 20. eta 25. urteurrena, protagonisten elkarrizketak eta argazki ugari... harremanaren isla diren irudi eta argazki ugari.
100 orri baino gehiago erraz eta arin irakurri eta gozatzeko.

Ikusi liburua hemen

Breadcrumb